Langileria “diziplina eta obedientzia gogorrenera behartua” izaten ari den honetan, askatasun politikoen auzia “langile borrokaren elementu estrategikoa” dela azaldu du GKSk, “printzipio” modura, askatasun politikoak “dominazio kapitalistaren eta bertatik elikatzen diren subordinazio eredu sozial guztien suntsipena” adierazten baitu. “Sozialismoak inplikatzen duena”, hala, “askatasunen handitze etengabea eta horien ezarpen erreala” dela dio, “termino ekonomiko, politiko eta sozialetan”, eta “efektu” gisara “behin-behineko izaera” duten askatasunak ezartzen dituen estatu burgesaren kontrara. “Erlazio sozial kapitalisten suntsipenerako antolatzen den proletariotzaren” premia nabarmendu du GKSk, hau da, Alderdi Komunistaren beharra.