Atzo kartzelako mediku baten bisita izan zuen Ruizek, baina oraindik ez diote utzi konfiantzazko medikuekin egoten. Uko egin dio seruma jartzeari Auzitegi Nazionalaren auto judizial batek agindu eta ospitalera eraman ezean. Espetxe Zaintzako Epaitegi Zentralak hainbat txosten eskatu dizkio Murtzia II kartzelari, orain arte ez baitu dosierrik bidali. “Txapeoan” segitzen dute Ibai Aginaga eta Jon Kepa Preciado preso politikoek, eta janariari uko egiten ari dira Dani Pastor, Oskar Barreras, Aitor Cotano, Irantzu Gallastegi eta Iñaki Etxeberria. Saioa Sanchez, Itziar Moreno eta Orkatz Gallastegi aldizkako baraualdiak egiten ari dira. Bestalde, baraualdi bidezko elkartasun ekintzak hedatu dira Lizarran, Gasteizen, Laudion, Legution, Zalduondon, Maeztun, Altsasun edota Etxarrin. Gaur ere mobilizazio ugari egingo dituzte Euskal Herriko kaleetan.