IATZAR HADI! ¡ES HORA DE LEVANTARSE!

Irurtzun-Arakilgo Gazte Asanblada gara,  2014ko udaberrian sortu ginen. Bizi garen munduarekiko hainbat inkietude ditugun gazte talde bat gara eta gure esku dagoen heinean gure inguruan eragiteko nahia daukagu. Taldearen izenak dioen moduan, Irurtzun eta Arakil bailaretako hainbat gaztek osatzen dugu asanblada, baita hurbil dugun Gulinako bailarako hainbat kidek ere.

Irurtzun Arakilgo Gazte Asanbladatik Iatzar hadi! (iratzar hadi!) dinamika abiatu dugu. Honen bidez, Gazte Koordinadora Sozialistaren “Burgesiaren ofentsiba gelditu!” kanpainarekin bat egiteaz gain, Covid-19aren krisiak langileriarengan eragindako ondorio politiko, ekonomiko, sozial eta sanitarioak neutralizatu eta gainditzera begirako bidea hasi nahi dugu.

Alarma-estatuak PSOE eta Podemosen gobernuak banku eta enpresari handien gidaritzapean ezarri duen salbuespen-egoera ezkutatzen du. Goi-burgesiak diktadura politiko bat ezarri du goizetik gauera bere interesak blindatzeko. Oinarrizko askatasun politikoak anulatu eta poliziak eta militarrek kaleak hartu dituzte estatua eta bere neurriekiko erabateko subordinazioa bermatze aldera.

Gobernuak eta burgesiaren komunikabideek desinformazio eta gezur orokortuko egoera bat sortu dute, modu horretan euren neurriak aplikatzerakoan arazorik izan ez dezaten. Eta agerikoa da alde batetik ez dutela gure osasuna lehenetsi, gaixotasuna erabatean kontrolatzeko aukerak ezeztatuz, eta bestetik, iada hasi direla guzti honen zama langileriaren bizkarrean jartzeko neurriak hartzen. Horren adibide da Sanchezen txoke plana, estatua leporaino zorpetzen duena, gure kontura, noski. Ikusi beharko dugu krisi ekonomikoak zer dimentsio hartzen dituen.

Agerikoa da beraz, ez dela inolaz ere guztiok batera lan egiteko momentua. Inoiz baino garrantzitsuagoa da bizi dugun egoeraren erantzule zuzenak markatu eta bizi dugun ofentsiba honen aurrean defentsa antolatzen hastea.

Langileriaren antolatzen hastea zeregin urgente bilakatu da. Politika optika proletariotik egiteko momentua da. Banku eta enpresari handiei aurre egitera begira eta orokorrean sistema kapitalistari kontrajarriko zaion botere propioa artikulatzera begira proletalgoa antolatzen hasteko momentua hain zuzen.

Beraz, arazo desberdinak konpontzeko langile elkartasunaren beharra baduzu edo gurekin lan egin nahi baduzu idatzi ezazu iatzarhadi@gmail.com-era.

Jarrai gaitzazu iatzarhadi.eus-en eta sare sozialetan!

Langile iatzar hadi!

‘Iatzar hadi!’ dinamika jarri du martxan Irurtzun-Arakilgo Gazte Asanbladak

‘Iatzar hadi!’ izenpean, salaketa nahiz hausnarketa dinamika abiatu du Irurtzun-Arakilgo Gazte Asanbladak. GKSren ‘Burgesiaren ofentsiba gelditu!’ salaketa kanpainarekin bat egiten du modu horretan, baita “Covid-19aren krisiak langileriarengan eragindako ondorio politiko, ekonomiko, sozial eta sanitarioak neutralizatzera eta gainditzera begirako bidea hasi” ere. Momentuz blog bat sortu dute asanbladako kideek, eta testigantzak biltzeko kanpaina prestatzeari ekin diote.Irakurtzen jarraitu “‘Iatzar hadi!’ dinamika jarri du martxan Irurtzun-Arakilgo Gazte Asanbladak”



%d bloggers like this: